3.17. Erabiltzailearen ekarpen ekonomikoak
Jarraian, telelaguntza, etxeko laguntza, egoneko arreta eta egoitza-arreta zerbitzuen erabiltzaileek egindako ekarpenei buruzko informazioa emango dugu. Taulak egiteko, honakoak erabili ditugu: Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru urteei buruz emandako informazioa, araudiaren azterketa Bizkaiari dagokionez (2207, 2008 eta 2009) eta Arabako Foru Aldundiak 2007 eta 2008ko ekitaldiei buruz bidalitako informazioa eta haren araudiaren azterketa 2009ko zenbatekoetarako.
Bizkaian adinekoei eguneko zentroetan emandako arretari dagokionez, psikogeriatria eta geriatria orokorreko unitateetako plazen arteko batez besteko prezioa kalkulatu dugu –lehenengoak garestiagoak dira–. Bestalde, erabiltzaileek hilean, eta ez egunean, egiten duten batez besteko ekarpena kalkulatu dugu, gure aburuz, horrela, errazagoa delako zerbitzu bakoitzak dakartzan kostuak ulertzea, kasu askotan, informazioa euro/egunetan etorri arren.
Bizkaiko etxeko laguntza zerbitzuari buruzko datuak ezin izan dira erregistratu, nolabaiteko batasuna ahalbidetuko lukeen esparru-hitzarmenik ez dagoelako, udal bakoitzak bere tarifak ezartzen baititu.
Gutxieneko ekarpenari buruzko zutabea ezin izan da bete Araba eta Bizkaiari dagokienez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak honela argitu dizkigu telelaguntzari dagozkion ekarpen ekonomikoen sistemaren gaineko zenbait kontu:
"Telelaguntzari dagokion ekarpen ekonomikoen sistema oso konplexua da (...) eta 6 hilean behin berrikusi ohi da.
Sistema nolabait azaltzeko, esan dezakegu 2007an gailu bakoitza instalatzeak 76,27 euro balio zuela, eta urteko mantenu kuota 81,26 eurokoa zela, medailoi gehigarria instalatzeak (etxean gailu bat instalatuta egon eta bertako beste pertsona batek zerbitzua behar izanez gero) 3,72€ balio zuen eta medailoi gehigarriaren mantenuak 12,41€/urte. Erabiltzailearen ekarpenaren portzentajeak honakoak ziren: Zerbitzuaren kostuaren %0 (beraz, 2007an gutxieneko ekarpena 0 eurokoa zen), %25, %50, %75 eta %100. Hala ere, erabiltzaileek jasan beharreko kostua zenbaitetan 0 eurokoa izateak zekartzan eraginkortasunik ezeko arazoak ikusita (esaterako, gailuak galtzea edo ez itzultzea), 2008rako gutxieneko bat ezartzea erabaki zen.
2008rako gutxieneko horrek %10eko ekarpena zekarkion erabiltzaileari. Aurreko urtean legez, ekarpen portzentaje maila bakoitzeko zenbateko batzuk ezarri ziren kontzeptu bakoitzeko. Honakoak izan ziren: 7,95€ gailua instalatzeagatik, 8,47 €/urte hura mantentzeko kuota, 0,39€ medailoi gehigarria instalatzeagatik eta 1,29 €/urte hura mantentzeagatik. Gehienezkoak (%100 izanda kostu osoa dakarte) honakoak izan ziren: 79,47€ gailua instalatzeagatik, 84,67 €/urte hura mantentzeko kuota, 3,88€ medailoi gehigarria instalatzeagatik eta 12,93 €/urte hura mantentzeagatik.
Erabiltzaileen gehienezko eta gutxieneko ekarpenari buruzko koadroetako ataletan gailuaren mantenuaren kostua baino ez da kontuan hartu, hura instalatzeko urtean izan ezik, orokorrean, ez dutelako besterik ordaindu beharko. Beraz, ez dira kontuan hartu medailoi gehigarria instalatu behar denekoak, dagoena ordeztea, etab.
Erabiltzaileek finantzatutako zerbitzuaren kostu osoaren portzentajeari dagokionez, gutxi gorabeherako kalkulua egin da erabiltzaileen guztizko ekarpenei buruz dauzkagun datuak (2007ko bigarren seihilekoan eta 2008. urtean) eta zerbitzuak zekarren kostu osoa (urte eta erdi berean) hartu dira kontuan. Horregatik koadro bietan portzentaje bera ikusten da. Kontua ez da aldatu ez denik, kalkulua zenbatekoen guztizko baturarekin egin dela baizik, informazio zehatz nahikorik ez izateagatik.
Azkenik, azpimarratu behar da zerbitzuaren kostuaren eta erabiltzailearen ekarpenaren arteko aldetik ateratako zenbatekoa erdi bana ordaindu zutela dagokion udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
2009ko datuei dagokienez, telelaguntza kostuetan erabiltzaileek zerbitzua mantentzeko egindako gehienezko eta gutxieneko ekarpena islatu dela. Gailu berria instalatzeari dagokion gehienezko eta gutxieneko ekarpenari dagozkion zenbatekoak 80,98€ eta 8,10€ dira. 2009an ezin izan da erabiltzailearen ekarpenaren portzentajea kalkulatu telelaguntzaren kasuan, ordainketa sistema etengabe aldatzen ari delako. 2007 eta 2008an erabilitako sistema ez da 2009an erabilitako bera, eta 2010ean erabiltzen ari dena ere aurreko bien desberdina izango da. Bestalde, sistemaren ezaugarriak direla-eta ondoren erregularizazio asko egoten dira, eta oraindik ere 2009ko erregularizazioak daude egiteke, oraindik kalkulatu ez baitira".
Bestalde, etxeko laguntza zerbitzuari buruz, honakoa ere adierazi digu: "koadroetan jasotako gehienezko zenbatekoak muturreko kasuak dira, eta batez bestekoa askoz txikiagoa da aztertutako hiru ekitaldietan". Argitu digunez, "ELZko gehienezko ekarpena Gipuzkoako Foru Aldundiaren urteroko erabakiaren ondoren udalek ezarritako prezio publikoaren parekoa da. Erabiltzailearen gehienezko ekarpena zenbateko horren %100 izan daiteke. Hala ere, erabiltzaileen benetako ekarpenek batera kostu osoaren %13 baino ez dute ordaintzen".
Eguneko zentroei eta adinekoentzako egoitzei dagokienez, Gipuzkoako Aldundiak honakoa adierazi digu:
"Erabiltzaileen ekarpenei dagokienez, eguneko zentroen kasuan mendeko adinekoentzako plazak lortu eta esleitzeko araubidea arautzen duen 20/2002 Foru Dekretuak ekarpenen gutxieneko eta gehienezkoak ezarri zituen. Hala ere, kasu batzuetan plaza eskaerak dagokion udaletik iristen zaizkigu eta erabiltzailearen balorazio ekonomikoak ordainketaren salbuespena eskatzen du (haren egoera ekonomikoa dela-eta); hori dela-eta, zenbait kasutan benetako ekarpena eguneko 0 eurokoa da. Bestalde, erabiltzaile batzuen antzinatasuna dekretukoa baino handiagoa da eta ekarpen handiagoa ari dira ordaintzen, aldatzeko izapidea egin ez dutelako, baina oso kasu gutxi dira, eta gehienezkoa eguneko 19,83 eurokoa da (...) baina besteekin parekatzen goaz.
Egoitzei dagokienez, (...) 2009an, (...) 9 lagunek ekarpen handiagoa izan dute (...) Aurreko kasuan bezala, alde horiek kendu nahi dira.
Erabiltzaileek finantzatutako zerbitzuaren kostu osoaren portzentajeari dagokionez, esan behar dugu atal horri buruzko informazioa ez dela besteei buruzkoa bezain zehatza. Arrazoia eskura dauzkagun datuak eta haien euskarria dira. Hori dela-eta, eguneko zentroei dagokienez, portzentajea kalkulatzeko erabiltzailearen eguneko ekarpena ekarpen horren eta aldundiarenaren arteko baturaren (ez guztizko zenbatekoekin) artean zatitu dugu. Egoitzei dagokienez, erabiltzaileek 2008ko abenduan bakoitzari egindako ekarpenak eta Aldundiak ere bakoitzari emandako zenbatekoa atera dira. Une edo aldi oso bateko datu horietatik portzentajea atera da.
Eguneko zentroei dagokienez, laneguneko egonaldiak (garraioa batuta) –hura izanda koadroan kalkulatu duguna– eta jaiegunetako egonaldiak bereizi behar dira (2007 eta 2008an erabiltzailearen ekarpena kostu osoaren %16,84 litzateke).
Egoitzen kasuan, (...) ez daukagu 2007ko informazioa kalkulatzeko bereizia, baina aldaketa garrantzitsurik ekarri duen eragilerik egon ez denez, 2008koaren oso antzekoa izan zela kalkulatu dugu (arestian adierazi denez, egoitza bakoitzeko abenduko datuekin kalkulatua, guztizko datuak ez dauzkagulako)".
Azkenik, 65 urtez azpikoentzako eguneko zentroei eta egoitza-zentroei dagokienez, Gipuzkoako Aldundiak honela zabaldu du informazioa:
"Talde horretan minusbaliotasuna duten pertsonentzako zentroak eta osasun mentalekoak sartu ditugu.
Eguneko zentroei dagokienez, aldundiak erabiltzaile bakoitzeko zenbatekoa eman arren, egun oraindik dira elkarteak eurak (Atzegi, Gautena eta Aspace dira nagusiak) erabiltzaileen ekarpenak kudeatzen dituztenak (aldatzeko bidean) eta, beraz, ezin ditugu datu errealak eman gehienezko eta gutxienezko ekarpenari eta erabiltzailearen ekarpenaren portzentajeari buruz. Hurbilketa bat egitearren, esan dezakegun erabiltzaileak LGS baino diru-sarrera txikiagoak dauzkanean, ekarpena, 2008an adibidez, eguneko 4,60 eurokoa zela, diru-sarrerak minimoak direnean izan ezik, halakoetan ekarpena eguneko 2,18 eurokoa baitzen. Diru-sarrerak LGS baino handiagoak diren kasuetan, prezioa diru-sarreren gaineko %40 kalkulatuz ateratzen da, erabiltzaileak aske erabiltzeko eguneko LGSren %60 bermatzen den heinean. Diru-sarrerak oso handiak direnean, ekarpenak ezin du inoiz plazaren kostua –eguneko 70 euro inguru– gainditu.
Erabiltzaileek finantzatutako zerbitzuaren kostu osoaren portzentajea, aurreko atalean bezala, guztien artean esanguratsua den osasun mentaleko eguneko zentro bateko datuen arabera kalkulatu da, aipatu dugunez, minusbaliotasuna duten pertsonentzako eguneko zentro gehienak elkarteek eurek kudeatzen dituztelako.
Egoitzei dagokienez, argitu behar da kostuak aldaketa handiak dauzkatela zentroaren, arreta mailaren, eta abarren arabera. Hemen ere prezioa erabiltzailearen diru-sarreren arabera kalkulatzen da; gutxienekoa haien %20 da eta gehienezkoa diru-sarreren %50, azken kasuan, LGSren %40 bermatuz. Edonola ere, prezioa ezin liteke inoiz plazaren kostua baino handiagoa izan, eta prezio haiek gutxi gorabehera eguneko 30 eta 130 euro artekoak dira, esan dugunez, zentroaren, arreta mailaren, eta abarren arabera.
Kasu honetan ere portzentajea gehienen erakusgarri den osasun mentaleko egoitza bateko datuekin atera da, ekarpenen guztizko datuak izan gabe, arestian adierazitako zio berberagatik".
Erabiltzailearen gehienezko ekarpena (euro/hilebete) | Erabiltzailearen gutxieneko ekarpena (euro/hilebete) | Erabiltzaileek finantzatutako zerbitzuaren kostu osoaren ehunekoa | ||
Telelaguntza | Araba | 6,47 | %14 | |
Bizkaia | 30,42 | |||
Gipuzkoa | 6,77 | 0 | %38,60 | |
ELZ | Araba | 278,43 | %13 | |
Bizkaia | ||||
Gipuzkoa | 1.278,33 | 0 | %12,83 | |
Adinekoentzako eguneko zentroa | Araba | 378,84 (garraioa barne) | %15 | |
Bizkaia | 1.008,69 | |||
Gipuzkoa | 363,6 | 198,3 | %18,89 | |
65 urtez azpikoentzako eguneko zentroa | Araba | 72,93 | %4,20 | |
Bizkaia | 195,53 | |||
Gipuzkoa | Sarreren gaineko %40 | 64,2 | %12,86 | |
Mendetasuneko egoeran dauden adineko pertsonen egoitza | Araba | 932,87 | %15 | |
Bizkaia | 2.019,66 | |||
Gipuzkoa | 1.737,60 | 0 | %38,3 | |
Mendetasuneko egoeran dauden pertsonentzako arreta zentroa, minusbaliotasun moten arabera | Araba | 932,87 | %10 | |
Bizkaia | 995,23 | |||
Gipuzkoa | Sarreren gaineko %50 | Sarreren gaineko %20 | %21,26 |
Erabiltzailearen gehienezko ekarpena (euro/hilebete) | Erabiltzailearen gehienezko ekarpena (euro/hilebete) | Erabiltzaileek finantzatutako zerbitzuaren kostu osoaren ehunekoa | ||
Telelaguntza | Araba | 6,74 | %13 | |
Bizkaia | 30,42 | |||
Gipuzkoa | 7,05 | 0,7 | %38,60 | |
ELZ | Araba | 290,12 | %13 | |
Bizkaia | ||||
Gipuzkoa | 1.636 | 0 | %13,36 | |
Adinekoentzako eguneko zentroa | Araba | 394,75 (garraioa barne) | %15 | |
Bizkaia | 1090,16 | |||
Gipuzkoa | 378,9 | 206,7 | %18,89 | |
65 urtez azpikoentzako eguneko zentroa | Araba | 162,82 | ||
Bizkaia | 195,53 | |||
Gipuzkoa | Sarreren gaineko %40 | 65,4 | %12,86 | |
Mendetasuneko egoeran dauden adineko pertsonen egoitza | Araba | 972,05 | %15 | |
Bizkaia | 2.176,61 | |||
Gipuzkoa | 1.810,50 | 0 | %39,13 | |
Mendetasuneko egoeran dauden pertsonentzako arreta zentroa, minusbaliotasun moten arabera | Araba | 972,05 | %10 | |
Bizkaia | 995,23 | |||
Gipuzkoa | Sarreren gaineko %50 | Sarreren gaineko %20 | %21,26 |
Erabiltzailearen gehienezko ekarpena (euro/hilebete) | Erabiltzailearen gehienezko ekarpena (euro/hilebete) | Erabiltzaileek finantzatutako zerbitzuaren kostu osoaren ehunekoa | ||
Telelaguntza | Araba | 6,9 | ||
Bizkaia | 30,42 | |||
Gipuzkoa | 7,19 | 0,72 | ||
ELZ | Araba | 297,08 | ||
Bizkaia | ||||
Gipuzkoa | 1.461,60 | 0 | %13,40 | |
Adinekoentzako eguneko zentroa | Araba | 404,22 (garraioa barne) | ||
Bizkaia | 1.111,88 | |||
Gipuzkoa | 386,1 | 0 | %29,21 | |
65 urtez azpikoentzako eguneko zentroa | Araba | 166,82 | ||
Bizkaia | 195,53 | |||
Gipuzkoa | 1.365,30 | 0 | %4,21 | |
Mendetasuneko egoeran dauden adineko pertsonen egoitza | Araba | 995,38 | ||
Bizkaia | 2.217,98 | |||
Gipuzkoa | 1.845 | 0 | %40,43 | |
Mendetasuneko egoeran dauden pertsonentzako arreta zentroa, minusbaliotasun moten arabera | Araba | 995,38 | ||
Bizkaia | 995,23 | |||
Gipuzkoa | 2.433,30 | Ez dago jasota |
Ekarpen ekonomikoei buruzko informazioari dagokionez, aipatu ditugun lurraldeen arteko aldeak ikusten dira, herritarrentzat hain ulertezinak direnak.
Telelaguntza zerbitzuari dagokionez, Bizkian gerta daitezkeen gehienezkoak (30,42 euro hilean) nabarmentzen dira Araba edo Gipuzkoakoen aurrean (hileko 6 eta 7 euro artean kasu bietan).
Minusbaliotasuna duten pertsonentzako (edo 65 urtez azpikoentzako) zerbitzuei dagokienez, gehienezko prezioek, bai eguneko zentroetan bai egoitzetan, ez dute alde handirik Araban eta Bizkaian, azken lurralde horretan apur bat handiagoak izan arren. Gipuzkoan, preziorik txikienak daude erabiltzailearen diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoak direnean baina, gainditzen dutenean, prezioa beste lurralde bietan baino handiagoa izan daiteke. Izan ere, erabiltzaileak finantzatutako zerbitzuaren kostuaren portzentajeari buruzko datuek erakusten dute Gipuzkoan ehunekoa Araban baino handiagoa dela (ez daukagu Bizkaiko daturik). Horrela, eguneko zentroetan, %4 ingurukoa da Araban, eta %12,8 ingurukoa Gipuzkoan. Egoitzetan, Gipuzkoako ehunekoa (%21,26) Arabakoa (%10) halako bi da.
Adinekoenganako arreta zerbitzuen gehienezko prezioetan, aldiz, alde handiak daude hiru lurraldeen artean:
– Eguneko zentroetan, prezioak antzekoak dira Araban eta Gipuzkoan, baina apur bat handiagoak lehenengoan. Bizkaiko gehienezko prezioak, ordea, beste lurralde bietakoak baino askoz handiagoak dira (bikoitza eta hirukoitzaren artean). Ez daukagu Bizkaian erabiltzaileak finantzatutako kostuaren ehunekoa. Beste lurralde bietan, %15-29 bitartekoa da.
– Egoitza-zentroetan, lurralde batetik bestera alde handiak daude prezioei dagokienez. Txikienak Arabakoak dira eta handienak Bizkaikoak. Gipuzkoako prezioak Arabakoak baino handiagoak dira baina Bizkaiko prezioetatik gertuago daude. Horrela, Arabako prezioa 1 dela jarriko bagenu, Gipuzkoakoa 1,85 litzateke eta Bizkaikoa 2,23 gutxi gorabehera, hiru urteetan.
Erabiltzaileak finantzatutako zerbitzuaren kostuaren portzentajea askoz handiagoa da Gipuzkoan (%40 inguru) Araban baino (%15). Esan dugunez, ez daukagu Bizkaiari buruzko datu hori, baina pentsatzekoa da portzentajea nabarmen handiagoa izango dela.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiak adierazi digunez, "azken urteotan Gizarte Ongizatearen Foru Institutuak emandako zerbitzuen prezio publikoak arautzeko legeek beti adierazi diote prezio handiagoa adinekoentzako baliabideei, printzipioz, pertsona horiek euren diru-sarrerekin egiten diotelako aurre zerbitzuaren kostuari, minusbaliotasuna duten pertsonen kasuan, aldiz, euren diru-sarrerarik ez daukatenez, familiak ordaintzen baitu esleitutako baliabidea. 2008an, erabiltzaileen parte hartze ekonomikoa gerturatzeko ahalegina egin zen, adina gorabehera".